2025/01/04

Urtarrilaren 8

Gorespenak

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
    Hasieran zen bezala orain eta beti
    gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.


Goratzarrea

        GOIZ-ARGIA

Goiz-argia,
hilik zeudenen / eguzkia:
itsuengana / etorria,
goza dezaten / argi berri / pizgarria.
Zatoz, / Jesus Jauna,
diren guztien / argia.

Heldu da; hona
Jaunaren eguna.
Ongi etorri,
Jaunak igorri
Salbatzaileari!

Jainko-Bildots,
berriz herrira / gidaria;
odola duzu, / isuria,
ardi galduei / emateko / Zuk bizia.
Zatoz, / Jesus Jauna,
ur bizi duen / artzaina.

Jesu Kristo,
Aitak Zuregan / du gozoa;
uretan sartuz / eta hilez,
eman diozu / gizonari / Bataioa.
Zatoz, / Jesus Jauna,
erreinurako / bidea.

Harkaitz berri,
ibai bizien, / iturria:
hor zaude bihotz-/ irekia,
ase dadien / fededunen / egarria.
Zatoz, / Jesus Jauna,
sekulako ur / bizia.

Suzko laino,
gauez argitzen / gaituzuna:
Kalbarioko / minen barna,
agertu duzu / gu nolaz joan / zeruraino.
Zatoz, / Jesus Jauna,
Jainko Aitaren / berdina.

Ezkon-berri,
gurutz-eztaien / hain egarri:
ura diguzu / ardo egin,
Jainko-semeen / sinistea / piztu dadin.
Zatoz, / Jesus Jauna,
zure lurraren / pizgarri.

Jainko-Seme,
Espirituak / argitua:
Zure mintzoa / da zabaldu,
eta piztu du / munduz-mundu / goiko sua.
Zatoz, / Jesus Jauna,
goiko aintzaren / betea.

 ___________________________

Salmodia

Antifonak eta Salmoak asteko egunekoak

AstelehenaMartitzenaEguaztenaEguenaBarikuaZapatua

 _____________________________________

Jainkoaren itza

Is 4, 2-3

     Egun haretan, Jaunaren kimua goresgarri eta ospetsu agertuko da; eta lurraren emoitza, indar eta edergarri izango da bizirik gelditu diran israeldarrentzat. Santu deituak izango dira Sionen geldituak, Jerusalemgo hondarrak; Jerusalemen bizien artean izendatuak.


R/. Errege guztiek * ahuspez gurtuko dabe. Errege.
V/. Atzerri guztiek zerbitzu egingo deutsoe. Ahuspez.
     Aintza Aitari. Errege.

Bened. ant.  Hiru erregalu emon eutsoezan Magoek Jaunari, Jainkoaren Semeari, Errege handiari: urrea, intzentsua eta mirra, alleluia.


Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.


Ant.  Hiru erregalu emon eutsoezan Magoek Jaunari, Jainkoaren Semeari, Errege handiari: urrea, intzentsua eta mirra, alleluia.

 

Eskariak  

     Ospatu daigun Kristoren errukia, Harek ustelkeriaren morrontzatik atara eta Jainko seme-alaben askatasunera ekarri gaitu-ta. Jainkozko onginahi hori oinarritzat harturik, eskatu deiogun:

Zure jaiotzagaitik, Jauna, atara gaizuz gatxetik.

     —Betirik izan eta, gizon eginez, bizitza barrian sartu zinan; * barritu gaizuz beti zure jaiotzaren misterioaz.

     —Jainkotasuna galdu barik, gizatasuna hartu zenduan Jauna, * egizu, gure bizitzak bere betea jadetsi daiala, jainkozko bizian parte harturik.

     —Jenteen argi eta santutasunaren irakasle etorri zinan; * egizu, zure hitza argi izan dadila gure oinentzako.

     —Jainkoaren Hitza, Maria Birjinaren sabelean gizon eginik, mundu honetara etorri zinan; * bizi izan zaitez beti gure bihotzetan, sinismenaren bitartez.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

     Jainko Jauna, Zure Semea gizon eginik agertu jakun; egizu, gizatasunean geure antzeko egin zanak, barrutik bere antzeko egin gaizala. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.