2025/01/03

Urtarrilaren 7

 Gorespenak

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
    Hasieran zen bezala orain eta beti
    gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.


Goratzarrea

GOIZ-ARGIA

Goiz-argia,
hilik zeudenen / eguzkia:
itsuengana / etorria,
goza dezaten / argi berri / pizgarria.
Zatoz, / Jesus Jauna,
diren guztien / argia.

Heldu da; hona
Jaunaren eguna.
Ongi etorri,
Jaunak igorri
Salbatzaileari!

Jainko-Bildots,
berriz herrira / gidaria;
odola duzu, / isuria,
ardi galduei / emateko / Zuk bizia.
Zatoz, / Jesus Jauna,
ur bizi duen / artzaina.

Jesu Kristo,
Aitak Zuregan / du gozoa;
uretan sartuz / eta hilez,
eman diozu / gizonari / Bataioa.
Zatoz, / Jesus Jauna,
erreinurako / bidea.

Harkaitz berri,
ibai bizien, / iturria:
hor zaude bihotz-/ irekia,
ase dadien / fededunen / egarria.
Zatoz, / Jesus Jauna,
sekulako ur / bizia.

Suzko laino,
gauez argitzen / gaituzuna:
Kalbarioko / minen barna,
agertu duzu / gu nolaz joan / zeruraino.
Zatoz, / Jesus Jauna,
Jainko Aitaren / berdina.

Ezkon-berri,
gurutz-eztaien / hain egarri:
ura diguzu / ardo egin,
Jainko-semeen / sinistea / piztu dadin.
Zatoz, / Jesus Jauna,
zure lurraren / pizgarri.

Jainko-Seme,
Espirituak / argitua:
Zure mintzoa / da zabaldu,
eta piztu du / munduz-mundu / goiko sua.
Zatoz, / Jesus Jauna,
goiko aintzaren / betea.

_________________________

Antifonak eta Salmoak asteko egunekoak

Astelehena, Martitzena, Eguaztena, Eguena, Barikua, Zapatua

___________________________

Jainkoaren hitza

Is 9, 6

     Ume bat jaio jaku, seme bat emon jaku; aginpidea sorbaldan daroa; eta haren izena: Kontsejatzaile harrigarri, Jaungoiko indartsu, Betiko Aita, Bake-errege.


R/. Errege guztiek * ahuspez gurtuko dabe. Errege.
V/. Atzerri guztiek zerbitzu egingo deutsoe. Ahuspez.
     Aintza Aitari. Errege.

Bened. ant.  Magoak etorri ziran sortaldetik Belenera Jauna gurtzera, eta euren kutxak edegita, erregaluak emon eutsoezan: urrea, Errege handiari lez; intzentsua, egiazko Jainkoari lez; eta mirra, Haren hilobiratze-egunerako, alleluia.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

 Ant.  Magoak etorri ziran sortaldetik Belenera Jauna gurtzera, eta euren kutxak edegita, erregaluak emon eutsoezan: urrea, Errege handiari lez; intzentsua, egiazko Jainkoari lez; eta mirra, Haren hilobiratze-egunerako, alleluia.

 

Eskariak

     Jainkoaren salbamena ekarri euskun Kristo goretsi daigun, eta pozik aldarrikatu deiogun:

Aintza Zuri, Jauna.

     —Guztion Erosle, judutarren eta atzerrien arteko hesia desegin zenduan: * kendu lurretik, gizakiaren nortasuna zapaltzen daben bereizkeria guztiak.

     —Zure jaiotzaz gure bizilagun egin zinan: * erakutsi eiguzu, era askotara hor aurkitzen zarala, bai Eleizan, bai gizon-emakumeetan ere.

     —Jainkoa, dan lez, gizakioi azaldu zeunskun: * adierazo eiguzu, zelan erantzun behar deutsagun zure hitzari, sinistez eta egitez.

     —Gauza guztiak harrigarriro erabarritu zenduzan Emmanuel, * egizu gugan ere dana barritu dadila: bihotza, berbea eta egiteak.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 Otoitza

     Jauna, zure aintzaren distireak argitu daizala gure bihotzak; hari esker, mundu honetako ilunpeen artetik igaro gaitezan, eta betiko argiaren herrira heldu. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.