2024/12/24

Jaiotza Eguna

Jaunaren Jaiotza

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
     Hasieran zen bezala orain eta beti
     gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

 

Goratzarrea

 —Gaur ikusiko duzue

 Aspaldian

 

Salterioa

1 Ant. Artzainok, nor ikusi dozue? Esan, jakinazo eiguzue: Nor agertu jaku lurrean? Jaio-barria ikusi dogu, eta aingeru-taldeak Jauna goresten, alleluia.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Artzainok, nor ikusi dozue? Esan, jakinazo eiguzue: Nor agertu jaku lurrean? Jaio-barria ikusi dogu, eta aingeru-taldeak Jauna goresten, alleluia.


2 Ant. Aingeruak holantxe esan eutsen artzainei: Poz handi baten barri ona dakartsuet: gaur munduaren Salbatzailea jaio jatzue, alleluia.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
 

Ant. Aingeruak holantxe esan eutsen artzainei: Poz handi baten barri ona dakartsuet: gaur munduaren Salbatzailea jaio jatzue, alleluia.


3 Ant.  Ume bat jaio jaku gaur, eta Haren izena: Jaungoiko indartsu, alleluia.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Ume bat jaio jaku gaur, eta Haren izena: Jaungoiko indartsu, alleluia.

Jainkoaren itza

     Askotan, eta era askotara hitz egin eutsen Jaungoikoak Profeten bidez aspalditik gure arbasoei; eta azkenak diran egunotan, Semearen bidez hitz egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko; eta Haren bidez egin eban mundua ere.

R/. Ezagutuazo dau Jaunak. * Alleluia, alleluia.
V/. Beragandiko garaipena. * Alleluia, alleluia.
R/. Aintza Aitari. Ezagutuazo.

Bened. ant.  Aintza zeruetan Jaungoikoari, eta bakea lurrean Haren gogoko gizakei, alleluia.


Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Aintza zeruetan Jaungoikoari, eta bakea lurrean Haren gogoko gizakei, alleluia.


Eskariak  

     Ospatu daigun goratzarretan Kristo, Jainkoaren Hitza, gizaldiak baino lehenago dana, orain jaio jakuna, eta goraldu daigun pozarren esanez:

Poztu bedi lurra, Jauna, etorri zaralako.

     —Kristo, betiko Hitza, lurrera jatsirik alaitasunezko ihintzez asetu dozu mundua: * argitu eizuz gure bihotzak, zure etorrerearen argiaz.

     —Gure Salbatzaile, zure jaiot-egunean Jainkoaren leialtasuna erakutsi deuskuzu: * egizu, gure Bateoko agintzariak leial bete daiguzala.

     —Zeru-lurren Errege, aingeruen bidez munduari bakea iragarri deutsozu: * gorde gure bizitza zeure bakean.

     —Jauna, egiazko mahatsondo izatera etorri zinan, guri biziaren zituak (frutuak) emoteko: * egizu aihenak lez Zuri loturik, egiazko frutuak emon daiguzala.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,

etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 Otoitza

     Jainko ahalguztiduna, gizon egin dan zure Hitzaren argi barriak betetzen gaitu; iguzu, gure bihotzetan argi egiten dauan fede honek, gure egintzetan be distiratu daiala. Zure Seme Jesu Kristo…


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.