2025/01/04

Urtarrilaren 11

Gorespenak

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
    Hasieran zen bezala orain eta beti
    gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

 

Goratzarrea

GOIZ-ARGIA

Goiz-argia,
hilik zeudenen / eguzkia:
itsuengana / etorria,
goza dezaten / argi berri / pizgarria.
Zatoz, / Jesus Jauna,
diren guztien / argia.

Heldu da; hona
Jaunaren eguna.
Ongi etorri,
Jaunak igorri
Salbatzaileari!

Jainko-Bildots,
berriz herrira / gidaria;
odola duzu, / isuria,
ardi galduei / emateko / Zuk bizia.
Zatoz, / Jesus Jauna,
ur bizi duen / artzaina.

Jesu Kristo,
Aitak Zuregan / du gozoa;
uretan sartuz / eta hilez,
eman diozu / gizonari / Bataioa.
Zatoz, / Jesus Jauna,
erreinurako / bidea.

Harkaitz berri,
ibai bizien, / iturria:
hor zaude bihotz-/ irekia,
ase dadien / fededunen / egarria.
Zatoz, / Jesus Jauna,
sekulako ur / bizia.

Suzko laino,
gauez argitzen / gaituzuna:
Kalbarioko / minen barna,
agertu duzu / gu nolaz joan / zeruraino.
Zatoz, / Jesus Jauna,
Jainko Aitaren / berdina.

Ezkon-berri,
gurutz-eztaien / hain egarri:
ura diguzu / ardo egin,
Jainko-semeen / sinistea / piztu dadin.
Zatoz, / Jesus Jauna,
zure lurraren / pizgarri.

Jainko-Seme,
Espirituak / argitua:
Zure mintzoa / da zabaldu,
eta piztu du / munduz-mundu / goiko sua.
Zatoz, / Jesus Jauna,
goiko aintzaren / betea.

___________________

Salmodia

Antifonak eta Salmoak asteko egunekoak

AstelehenaMartitzenaEguaztenaEguenaBarikuaZapatua

________________________________

 Jainkoaren hitza 

Is 45, 22-24

     Bihurtu Neugana lur-bazter guztiok, salbau nahi badozue, Neu naz-eta Jainkoa, besterik ez dozue. Neure buruagaitik egiten dot zin, egiak dau nire ahotik urteten, ez dau egingo atzerarik: «Guztiak jarriko jataz belauniko, mihin guztik Neugaitik dau zin egingo».


R/. Errege guztiek * ahuspez gurtuko dabe. Errege.
V/. Atzerri guztiek zerbitzu egingo deutsoe. Ahuspez.
     Aintza Aitari. Errege.

Bened. ant.  Zure lepotik txarto esaka ebiltzan guztiak zeugana etorriko dira, eta zure oinetaraino makurtuko.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.


Ant.  Zure lepotik txarto esaka ebiltzan guztiak zeugana etorriko dira, eta zure oinetaraino makurtuko.

 

Eskariak

     Aintza eta ospe Kristori, gizakia bihotzez eta espirituz barritzera etorri danari. Egin deiogun otoitz, esanez:

Zure jaiotzagaitik barritu gaizuz, Jauna.

     —Giza-izatez jantzirik, jainkotasunaren misterioa emon deuskuzu: * egizu, ezagutu zaiguzala, Eleizearen eskuetan jarri dozun zure hitzaren eta Gorputzaren misterioan.

     —Gizadiaren egile, Birjina guztiz garbiaren bidez, gizakion artean gizon egin zinan: * egizu, beraren bitartez, zure jainkotasunera heldu gaitezala.

     —Gure erosle, euria artulera lez jatsi zinan zerutik: * busti eizuz gure arimak, betiko bizitzarako sortzen dozun urez.

     —Egizu, mundu honetako zure bizitzaren hasierea ospatzen dogunok, * Zu lez, gizatasun osora heldu gaitezala.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

    Jainko ahalguztiduna, izar baten bidez adierazo zeuntsan munduari Salbatzailearen jaiotza; egizu, misterio horrek argitu daizala gure bihotzak, eta gero ta handiagoak egin daitezala haren frutuak. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.

R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.